Aurrekariak
Arartekoak arreta berezia jartzen die ijito herriaren zailtasun eta beharrizanei. Gutxiengo kultural horrek bazterkeria sozial eta politikoa jasan du, eta berdintasuna sustatzeko, bereizkeriaren aurka borrokatzeko eta bere nortasun kulturala aitortzeko politikak zor zaizkio. Ijitoei dagozkien Arartekoaren jarduketak azaltzen ditugu atal honetan, eta aurten nabarmendu behar diren elementu adierazgarrietariko batzuk aipatzen ditugu.
1. Arloa kopurutan
Ijitoei buruz jasotzen ditugun kexak, oro har, Arartekoaren arlo ezberdinetan aztertzen dira (gizarteratzea, hezkuntza, etxebizitza) edo Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean, izan ere, horietan gainerako herritarrek helarazten dizkigutenen antzeko kontuak jorratzen dira. Horrela, nekez aipa dezakegu gutxiengo horretako kideek egindako kexa kopuru jakin bat.
Ijitoek zailtasunak izaten dituzte etxebizitza bat eduki eta mantentzeko, prestazio ekonomikoak eta gizarte zerbitzuak jasotzeko, udal erroldan inskribatzeko eta herri bateko bizilaguntzat hartuak izateko. Batez ere horrexegatik jotzen dute erakunde honetara. Kexak jartzeko beste arrazoi bat izaten dira, zenbaitetan, hirigintza hondamena jasan duten eta hirigintzako birgaitze prozedura behar duten auzoetan bizitzearekin lotutako kontuak. Era berean, kexak sorrarazten dituzte auzotarrekiko harremanetan dituzten arazoek. Hurrengo atalean kexa berezi batzuk aipatuko ditugu, berariazko trataera behar baitute.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria prestazio ekonomikoak etetea eta ukatzea
Ijitoei eragiten dieten kexetan, batzuetan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria prestazioak arautzen dituen araudiko zenbait betekizun betetzeko zailtasuna aintzat hartu beharreko elementu garrantzitsu bat izan ohi da (Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legea). Besteak beste, etxebizitza bat okupatzea egiaztatzeko titulu juridikoak edo kaleko salmentan lan egiten duten pertsonen kasuan diru-sarrerak egiaztatzeko betekizunei lotutakoak izaten dira.
Ijitoek izaten duten beste zailtasun handietako bat etxebizitza bat lortzea izaten da. Egoera horretan hainbat faktorek erasaten dute, esaterako, etxebizitza batean bizi diren bizikidetza unitate kopurua mugatzen duen betekizunak (adibidez, adingabeak kargura eta familia harremanak daudenean, bi urteko muga dago) edo jasotzen den diru-sarrerak bermatzeko errentako kopuruak; kopuru hori ez da aldatzen bizikidetza unitateko kide kopurua hiru baino gehiagokoa izan arren.
Lanbidetik igortzen diren komunikazioen zailtasunak ere eragina dauka familia horietan; izan ere, azaldu dutenez, askotan ez dituzte erakunde horren idatzizko komunikazioak jasotzen etxebizitzetako postontziekin arazoak izaten direlako.
Jasotzen ditugun kexen artean zenbait betebehar bete behar zituztela jakin gabe, betebeharrak ez betetzeagatik prestazioak eten edo iraungitze kasuak nabarmendu behar dira. Horregatik, betekizunak eta betebeharrak betetzeari buruzko eta betekizunak ez betetzeak eragiten dituen ondorioei buruzko nahikoa informazio eta informazio egokia eta enpatikoa izatea ezinbestekoa da.
Laneko Diru-sarrerak Osatzeko Errentaren modalitatean eragina daukaten kexak jasotzen jarraitzen dugu. Modalitate honi esker, laneko diru-sarrerak laguntza batekin osatu ahal dira, familia unitateak hilero jasotzen duen zenbatekoa duina dela bermatzeko, eta baldintza prekarioetako lanak batzuetan pizgarriak kentzeko izan dezakeen ondorioa saiheste aldera. Horretarako, zenbaketatik norberaren edo besteen konturako lan jardunetik eratorritako diru-sarreren ehuneko jakin bat kentzen da. Ijitoek kalez kaleko salmenta bezalako jardueretan egiten dute lan, eta zenbait berezitasun dituzten kooperatibetan antolatzen dira. Burutzen dituzten jarduerek ez dituzte diru-sarrera altuak ekartzen, eta, ondorioz, askotan bateragarriak izaten dira diru-sarrerak bermatzeko errentarekin, laneko diru-sarrerak osatzeko modalitatean. Diru-sarrera horiek modu berezi batean jasotzen dira kontabilitate dokumentuetan edo zerga araudiari dagokionez.
Horren haritik, araudi bera izan behar ote den alde batera utzita, ijitoek lan jardunak nola garatzen dituzten jakitean sakontzea interesgarria dela uste dugu, jasotzen dituzten diru-sarrerak osatu behar diren zehatz aztertzea ahalbidetuko duen dokumentazio egokia eskatu ahal izateko.
Zenbait agiri zehatz eskatzeak eragotzi egiten du, pertsona batzuen kasuan, prestazioa jasotzea, kasu askotan lan prekarioak dituzten arren. Horrenbestez, bereizi egin beharko lirateke, batetik, diru-sarrera nahikoa eragiten duen jarduna, eta lan prekarioa izateagatik osatu egin beharreko jarduna. Gogoan izan behar da errenta osagarriak lan jardunarekin jarraitzea ahalbidetzen duela, eta hori oso positiboa da epe ertain eta luzean.
2.2. Beste zailtasun batzuk: udal erroldan izena ematea
Erroldan izena emateko zailtasunak urtero ageri dira kexetan, nahiz eta, oro har, bideratu egiten diren. 2016. urtean ere familia bat udal erroldan ez erroldatzearen ondoriozko kexa bat jaso genuen, eskaeran benetan egoitza zeukatela egiaztatu arren, Gasteizko Udalak egiaztatze funtzioak betez aldez aurreko administrazio prozedura bat izapidetzeko eskaera egin zuelako, ulertzen baitzuen ez zegoela etxebizitza okupatzeko titulu baliagarririk. Ondoren, alokairu kontratu bat aurkeztu eta gero, familia hura udal erroldan erroldatzea erabaki zen.
Udal erroldan sartzeko eskubideak ondorio garrantzitsuak ditu zerbitzu publikoetara sarbidea izateko eta beste eskubide batzuk baliatzeko, esaterako eskubide politikoak (bozkatzeko eskubidea, parte hartzeko eskubidea, etab.). Zerbitzu publikoetan, sarbidea izateko betekizunen artean erroldan erroldatuta egotea egiaztatzeko ziurtagiria aurkeztea aurreikusi ohi da. Aipatutako espedientean, erroldan jasota ez egoteak zaildu egin zuen neskato bati ikastetxe batean plaza bat esleitzea; erroldatu ondoren, Hezkuntza Sailak berehala esleitu zion plaza bat ikastetxe batean.
2.3. Egonlekuak
Arartekoak esku-hartze bat abiatu du Durangoko Aramotz auzoan jatorri errumaniarra daukaten pertsonen egonleku bati lotuta. Lortutako informazioaren arabera, ijitoen etniako hogei bat pertsona egonleku batean bizi ziren, eta bizilagunen artean ezinegona sortzen ari zen egonlekuko bizi baldintzak osasunerako kaltegarriak zirelako, eta ur, berokuntza edo osasun baliabiderik gabe bizi zirelako.
Arartekoak, informazio eskaeranArartekoaren 3/2011 Gomendio Orokorra, urriaren 5ekoaaipatu zuen. Jatorriz Europar Batasunekoak diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ijitoen egonlekuetan esku hartzeko jardute protokoloak garatzeko beharra.
Erakunde honen iritziz, herri-administrazioek horrelako egonlekuetan esku hartu behar dute, pertsonen beharrizanak aintzat hartuta, ez baita soilik espazio publikoa erabiltzeari edo leku bat utzarazteari lotutako arazo bat (jabetza pribatuko ondasun higiezin bat okupatzeagatik); aitzitik, eskubide eta betebeharren titularrak diren pertsonen bizitzari lotuta ere badago, eta zaurkortasun egoeran daude.
Era berean, honako hau adierazi genuen: “Erakunde honek lehentasunezkotzat jotzen du lankidetza eta koordinazio mekanismoak ezartzea tartean dauden eragileen, herri-administrazioen eta gizarte eragileen artean. Azken horiek, gure ustez, garrantzi handia dute ijitoekin esku hartzeko unean.
Talde horiekiko jardunbideen berezitasunen ondorioz, beharrezkoa da aurretik ezagutzea nolako harremanak dituzten gizarte zerbitzuekin eta nolakoa den euren migrazio proiektua, eta, hala balitz, baita gizarteratzeko jarduera eta ibilbide posibleak zeintzuk diren jakitea ere. Beste alde batetik, euskal herri-administrazioek bete egin behar dituzte Europar Batasuneko, Europar Kontseiluko eta Nazio Batuetako estatu kidea izateagatik hartutako konpromisoak; beraz, aplikatu egin behar dituzte giza eskubideak babestera, proportzionaltasunez jardutera eta gizarteratzeko politikak sustatzera behartzen dituzten itunak eta hitzarmenak. Zentzu horretan, Ministroen Batzordearen akordioz gauzatutako estrategiatik, hau da, ijitoak Espainian gizarteratzeko estrategiatik (2012-2020) eratorritako betebeharrak gogorarazi nahi genituzke. Aipatu batzordeak apirilaren 5ean Europar Legebiltzarrari, Kontseiluari, Ekonomia eta Gizarte Batzordeari eta Eskualdeen Batzordeari zuzendutako komunikazioaren ondoriozkoa da estrategia hori. Ondorioz, komunitateko jatorria duten ijitoak gizarteratzeko neurriak gara daitezela aurreikusi du Europar Batasunak. Era berean, baliabideak eman ditu, herri-administrazioek eta gizarte eragileek onartutako tresnetan ezarritako xedeak bete ahal izan ditzaten”.Durangoko Udalak igorritako erantzunean, garatutako zenbait jarduketa aipatu ziren, besteak beste, administrazioen artean koordinatzeko jarduketak, herritarrekin bilerak egitea edo egonlekua osatzen duten pertsonei entzuteko saioa aurreikusi izana. Erantzunetik nabarmendu behar da egonlekuan egindako lehenengo esku-hartzea udaleko gizarte zerbitzuetatik egin zela, Biltzen Integraziorako eta Kulturen Arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuaren laguntzarekin, pertsona bakoitzaren banakako diagnostiko sozial bat egin ahal izateko. Arartekoa udalaren partetik informazio osagarria jasotzeke zain dago, azken balorazioa egin ahal izateko.
2.4. Bizilagunen arteko harremanak
Gasteizko Abetxuko auzoan eta Bilboko Ollerieta inguruan izandako bizikidetza arazoei buruzko kexak jaso ditu Arartekoak.
Hala, 2015eko azaroan Atxurigorri bizilagunen elkarteak Arartekora jo zuen, Ollerieta inguruan gertatzen diren bizikidetza arazo larrien aurrean erakunde honek esku hartzea eskatzeko; egoera horietan familia bereko mutiko talde bat zen protagonista neurri handi batean, gehienak adingabeak, eta beste bizilagun batzuk ikaratu, asaldatu eta horiei lapurreta egin izana leporatzen zaie.
Elkarteko kideek modu aktiboan parte hartzen dute auzoan eta, horiek horrela, auzo horretan bizi diren hiritarrek sentitzen duten segurtasunik eza, zaurgarritasun sentimendua, ekintza horiekiko inpunitateak sorrarazten dien nekea eta inpotentzia partekatzen dituzte. Hala eta guztiz ere, uste dute irtenbideak ez direla esklusiboki “segurtasunaren” ikuspuntutik edo kode polizialetik bakarrik artikulatu behar. Izan ere, haien ustez erasoak eta lapurretak egiten ari diren adingabeek bizi duten egoeragatik oso kezkatuta agertu dira; babesgabetasun egoera larrian daudela uste dute, ez dutelako erreferentziazko pertsona heldu egokirik, eta une honetan hilda edo espetxean dituzten gurasoen istorioa errepikatzera “bideratuta” daudelako. Jorratu nahi duten errealitatea konplexua dela jakin badakite eta irtenbidea ere konplexua izango dela uste dute; izan ere, egoerak auzoko komunitate-bizitzan presentzia eta erantzukizuna duten hainbat eragile konprometitzen ditu. Elkarteak komunitate lana bultzatzeko eskatu du, gizarte eragile edo administrazio bakoitzari dagozkion jarduketak koordinatzeko lidergoa erakundeetatik bideratuz. Bestalde, inplikatuta dauden haur eta nerabeekin egiten diren esku-hartzeak areagotu behar direla uste dute, babesgabetasun egoera argian baitaude; hori guztia, belaunaldi arteko desberdintasunaren eta baztertzearen transmisioa apurtzen laguntzeko. Arartekoak hainbat gairi buruzko informazioa eskatu zion Bilboko Udalari, administrazio honen esku-hartzea baloratu ahal izateko.
Arartekoak, jasotako informazioa aztertu ondoren, egindako esku-hartze ugariei buruzko eta sailen artean eta erakundeen artean koordinatzeko premiari buruzko zenbait ohar igorri zituen. Horren haritik, inguruan esku-hartze holistikoa egiteko premia aztertu zen, esku-hartze planifikatua, ordenatua, eta erantzukizuna daukaten erakundeak eta udal arloak garatu beharreko ekintzak antolatuko zituena. Esku hartzearen helburu nagusien artean, nolanahi ere, ahultasun handieneko egoerak artatzea egon beharko da, hau da, familia zabal honetako haur eta nerabeak artatzea; horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Adingabeak Babesteko Zerbitzuaren eta Bilboko Udalaren arteko kolaborazioa behar da, baita komunitateko bitartekaritza eta garapen programak martxan jartzea ere. Arartekoak positibotzat jo zuen 2016ko ekainean Osoko Bilkurak onartutako plana.
Hain zuzen ere, honako hauek bereziki garrantzitsutzat jo zituen:
• administrazioen arteko kolaborazioa eta koordinazioa, nukleo-elementu gisa;
• inplikatutako haurrak eta horiekiko interesa kontuan hartzea, planean jasotako ekintza eta neurri bakoitzak horiengan izan dezakeen eragina aztertuz;
• komunitate-bitartekaritzarako eta komunitate-garapenerako neurriak artikulatzea;
• gizarte zibilaren parte-hartzea, bereziki zona horretan presentzia duten erakundeena eta erreferente edota aldagai kultural nabarmenak ematen dituztenena diagnosia egin eta neurriak martxan jartzeko;
• ebaluazioaren aurreikuspena, jarduketen ahultasunak eta egokitasunak zehazteko eta etorkizuneko antzeko egoeren aurrean esku-hartze publikoa hobetzeko.
Arartekoak planeko helburuen betetzearen gaineko jarraipena egingo du 2017. urtean.
Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean haur eta nerabeei dagokien esku-hartzea sakonago landu zen.
Gasteizko Abetxuko auzoko jarduketei dagokienez, esku-hartzea irekita dago eta hainbat mailatan eragiten du (segurtasuna, bizikidetza, gizarte zerbitzuak, etab.); horrenbestez, datorren urteko txostenean jasoko da.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Aurten ez da esku-hartze nabarmenik gertatu araudi eta gizarte testuinguruari dagokionez.
Zenbait txosten aipatu behar dira, garrantzitsuak direlako, esaterako 2016. urteari dagokion Batzordearen Txostena; bertan Ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionalen Europar Batasuneko esparruaren eta Ijitoak estatu kideetan gizarteratzeko neurri eraginkorrak hartzeari buruzko Kontseiluaren gomendioaren aplikazioa ebaluatu ziren; azken horrek eremu horretako lehentasun neurriak ezarri zituen, besteak beste, ez baztertzeari buruzko legedia erabat aplikatzea bermatzea, ijitoen populazioa integratzera bideratutako estatu kideen lana babestea, eta Europa mailako eskalan interesatutako alderdi guztien elkarrizketa eta parte hartzea sustatzea. Txostenak agerian utzi zuenez, estatu kideek aurrerapenak egin dituzte zenbait arlotan, baina esfortzua areagotu egin behar da. Hala, hezkuntzan inbertitu den arren, nahitaezko kaleratzeen edo laneko bereizkeriaren aurkako neurririk ez dela hartu nabarmendu zuen. Baztertutako komunitateak integratzeko EBko funtsen helburuetan ere gabeziak antzeman ziren, ez baitira aski erabili deprimitutako hiri inguruak lehengoratzeko; tokiko aginteen eta gizarte zibilaren artean lankidetza estuagoa egon behar dela ere ondorioztatu zen bertan.
2016. urtean, Munduko Bankuak ikerketa bat argitaratu du, “Being Fair, Faring better Promoting Equal opportunities for Marginalized Roma” izenpean; lan horretan ijitoen egoera aztertu zen, bereziki haur ijitoena, desabantaila egoera batetik abiatzen baitira (pobrezia inguruneak, gurasoen hezkuntza maila baxua, infraetxebizitzak, eta ura, elektrizitatea, osasun zerbitzuetara sarbide mugatua). Ikerketa horretan hezkuntzak eta hezkuntza sisteman jarraitzeak daukaten garrantzia nabarmendu zen, eta laneratzeko zailtasunak eta prekarizazio maila altuak ere azpimarratu ziren. Azkenik, proposamenak landu ziren, besteak beste, gizarte langileen betebeharra indartzea, estatu kideen gobernuen neurriak koordinatzea tokiko mailara iritsi ahal izateko, ijitoen populazioaren egoera erreala aztertu ahal izateko datu zorrotzak izatea, mitoak eta estereotipoak apurtzen laguntzeko, eta desabantailatsuenen gizarteratzea sustatzeko Europako funtsei ahal bezain etekin handiena ateratzen laguntzea. Bidenabar, dokumentuan ijitoen populazioaren gain aplikatzen diren estereotipo negatiboak eta bereizkeria ere agerian utzi ziren.
Ijitoen integraziorako EBko finantza laguntza eta ekimen politikoei buruzko Europako Kontuen Auzitegiaren txostena ere ageri da; estrategia nazionalen plangintzan akatsak ageri dira, esaterako ekintza horiek egiteko beharrezko finantzaketa ez jasotzea, ezta eskuragarri zegoen finantzaketa ere, ijitoen aurkakotasuna eta bereizkeriaren aurka borrokatzea aintzat ez hartzea, edo aipatutako estrategietan ijitoen komunitateak parte hartzea Txostenean estatu kideetarako eta Europako Batzorderako zenbait gomendio jaso ziren.
Azkenik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia aipatu zen, Europan ijitoen familia asko nahitaez kaleratzea salatzen oso aktiboa izaten ari baita, eta emandako zenbait epaitan estatu batzuetan administrazioaren jarduketak zalantzan jarri ditu, beste bizilekuren bat eman gabe kaleratzeak erabaki edo familiak zein egoeratan uzten diren aztertu gabe.
Etxebizitza egoki eta segurua ez izatea, edo horrelakorik ez egotea, eta ura edo argia bezalako oinarrizko zerbitzuak izateko zailtasunak ijitoen bereizkeria soziala eta marjinazioa sustatzen duten faktoreak dira.
Iaz, ijitoen erritualaren bitartez egindako ezkontzetatik eratorritako desberdintasunak ere agerian jarri dira, alarguntza prestazioa jaso ahal izatea eragozten baitute; horren ondorioz, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean aldaketa bat egiteko zenbait jarduketa egin dira; hala, prestazio horretara sarbidea izatea ahalbidetuko litzateke. Argudioen artean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia aipatu da, Muñoz Díaz v. España epaia, 2009ko abenduaren 8koa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiarena. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ulertu zuenez, alarguntza pentsioa ukatzeak desberdintasun baztertzailea dakar, parekotzat jo beharreko beste egoera batzuekin konparatuta tratu desberdina dakarrelako, ezkontzako fede onaren ondorioei dagokienez.
Gaztela eta Leongo Erkidegoaren ekimena oso interesgarria dela uste dugu; hezkuntzako curriculumean ijitoen historia eta kultura txertatzen aitzindaria izan da.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ijitoen eskubideak babesten lan egiten duten gizarte erakundeekin bilera bat egin da, pertsona horien egoerari eta parte hartze sozial, kultural eta ekonomikorako zailtasunari buruzko kezkak partekatzeko.
Bileran landutako gaiak Lanbideri zegozkion, erakunde horretan baitago ezarrita arreta erakunde kolaboratzaile batera bideratzen duen prozedura; ez dago argi bideratze hori borondatezkoa edo nahitaezkoa den, eta, bere ustez, ñabardura garrantzitsua da. Lanbiderekin izandako harremanetan erabilitako lengoaia eta komunikazioak ulergarriak izatea garrantzitsua dela aipatu da. Deigarria da, halaber, pertsonaren jokabidearen eta ondorioen artean batzuetan izaten den neurrigabekeria (prestazioa etetea edo bertan behera uztea, urtebetean eskatzeko debekua); neurri horiek, gainera, familia osoarengan daukate eragina, haurrak izateak dakarren ondorioekin, bizirauteko prestazio bat baita. Aipatutako proposamenen artean dago, besteak beste, prestazioak eten aurretik familiekin hitz egiteko beharrari buruzko proposamena; izan ere, askotan ez dakite zein betebehar daukaten. Hala, horren ondorio larriak saihestu eta prebenitu nahi dira. Zalantzan jarritako sistemako beste elementu bat enplegurako pizgarriei buruzkoa da, Lanbideri lanean ari dela jakinarazten zaionean, prestazioaren ordainketa eten egiten delako, baina ondoren lan kontratua bukatzen bada, prestazioa berriz ere jasotzea atzeratu egiten da.
Hezkuntzari dagozkion gaien haritik, bekak ematean atzeratzea arazo gisa hartzen dira. Eskola porrot handia dagoela ere aipatzen da, eta ijitoen komunitateak dituen hezkuntza beharrizanei eman beharreko erantzuna hobetzeko hausnarketa egin beharra ere jaso da (ikaskuntza komunitatea, erdi mailako edo, kasu batzuetan, goi mailako moduluetara sarbidea izateko ekintza positiboak, hizkuntza ereduak eta banaketa, etab.). Bileran laneratzean pairatzen duten bereizkeria aipatu zen, komunikabideek islatzen dituzten irudiak, estereotipo negatiboak eraikitzen dituztenak, gizarte esku-hartzea ijitoek egitearen garrantzia, ijito erreferente positiboak existitzearen premia, baita eragile publiko eta gizartearen beharrezko sentsibilitate eta prestakuntza ere.
Bidenabar, ijitoek etxebizitza duin batera sarbidea izatearen garrantzia bereziki nabarmendu zen.
4.2. Arartekoak bilera bat izan du Euskal Kazetarien Elkargo eta elkartearekin; bileran, besteak beste, pertsona zaurkorrenen eskubideen gaineko kezkak eta informazio jakin bati dagokionez komunikabideak ematen duten tratamendua izan zituzten hizpide; halaber, kode deontologikoaren aplikazioa eta arlo horretako kexak helarazteko prozedurak landu ziren.
4.3. Arartekoak erakunde adierazpen bat argitaratu zuen apirilaren 8an, Ijito Herriaren Egunean. Egun horren ospakizunean, Arartekoak ijitoen herriarekiko elkartasuna agertu zuen, herri horrek tratu txar eta bereizkeria mota ugari pairatu dituelako bidegabeki historian zehar, behin eta berriz. Haur eta gazte ijitoen beharrezko prestakuntza eta kualifikazioa ahalbidetzeko eta eskola porrotari aurre egiteko hezkuntza neurriak hartu beharra bereziki deigarria izan da aurten; izan ere, ezinbesteko baldintza da lan merkatura baldintza duinetan iristeko, eta hausnarketa publiko bat egiteko gonbidapena egin zuen, helburu horiek lortzeko eta komunitate horren hezkuntza prestakuntza eta prestakuntza kolektiboa hobetzeko proposamen berritzaileak bultzatzeko; hala, egoera gehiegitan pairatzen dituzten prekariotasun egoerak gainditzeko aukerak areagotuko dira.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Ijitoak desberdintasun eta gizarte bereizkeria egoeran daude, eta kontuan hartu beharrekoa da hori, baita sustapenerako politika publikoen xede izan ere, ijitoek sozialki, politikoki eta ekonomikoki aurrera egin ahal izateko. Ijitoek geuk denok osatzen dugun gizartearen bizitza laborala eta ekonomikoa garatzen laguntzeko betebeharra eta eskubidea daukate. Oraindik pairatzen dituzten oztopoak desagerrarazi egin behar dira bereizketaren aurkako neurriekin, eta prestakuntza, erantzukizuna eta parte hartzean lagunduko duten politika publikoekin.
Erronka garrantzitsuak daude oraindik ere, esaterako prestakuntza profesional eta hezkuntza prestakuntza hobetzea, etxebizitza egoki eta seguru bat izateko sarbidea izatea, parte hartze ekonomiko, sozial eta politiko handiagoa, eta bereizkeriaren aurkako borroka.
5.2. Bereizkeriaren aurkako borrokan aurrera egiteko politika publikoen diseinuan kultura arteko gakoak eta aniztasuna kudeatzeko gakoak gogoan izatea garrantzitsua da, baita eragile publikoen prestakuntza ere. Biltzen Integraziorako eta Kulturen Arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzua ari da prestakuntza programak egiten, eta Era Berean sarea ari da neurriak martxan jartzen, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak bultzatuta, zenbait gizarte elkarteren kolaborazioarekin, arraza, etnia edo nazio jatorriko bereizkeriaren aurka borroka egiteko (baita genero nortasun edo nortasun sexual edo orientazioko bereizkeriaren aurka ere); positibotzat jo dira.
5.3. Ijitoen komunitatearekin esku hartzearen bereizgarriak aintzat hartuko dituen gizarteratze eta laneratze ibilbideetan aurrera egitea posible izateko neurri zehatzak hartu behar dira. Ijitoak gizarte talde zaurgarria osatzen dute, eta komunitate horren iritzi eta premiak aintzat hartu behar dira erabaki publikoak hartzerakoan.
Horren haritik, lan arloko orientazioan, Lanbidek aintzat hartu beharko luke ijitoen bereizitasuna, gizarteratze aktiboko hitzarmenetan komunitate horren egoerara egokitutako konpromisoak txertatzeko. Bidenabar, diru-sarrerak bermatzeko errenta/etxebizitzarako prestazio osagarria prestazioen kudeaketan aintzat hartu beharko lirateke informazio nahikoa izateko dauzkaten zailtasunak; bete behar dituzten betebeharrei eta betebeharrak ez betetzearen ondorioei buruzko informazio egoki eta osatua izatearen garrantzia ere gogoan izan beharko litzateke. Bidenabar, bete beharreko betekizunei eta, diru-sarrera txikiak dauden kasuetan, Laneko Diru-sarrerak Osatzeko Errenta eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko komunikazioa hobetu beharko litzateke, laneko diru-sarrerak osatzeko prestazioa eskatu ahal bada, baita betekizunak galtzeak eragiten dituen ondorioei dagokienez ere.
Enplegua eta gizarteratzea sustatzeko edo bereizkeriaren aurka borroka egiteko neurriak, eraginkorrak izan ahal izateko, ijitoen zehaztasunak eta kulturen arteko gakoak aintzat hartu behar dira. Horregatik, Arartekoak emakume ijitoen egoera zehatzari buruzko arreta deitu zuen, politika publikoen diseinuan arretaz erreparatu behar zaielako, bereziki gizarteratzea eta sustapen ekonomikorako politiken kasuan. Azkenik, haur ijitoak eta ijito nagusiak artatzeko neurri zehatzak behar dira, arretaz landu beharreko bereizgarriak dituzten beharrizanak eta egoerak baitituzte.
5.4. Ijitoen eskubideak defendatzen lan egiten duten elkarteen laguntza bereziki baloratzen da. Gizarte elkarte horiei esker, ijitoek gizartean eta politikan parte har dezakete, eta horiekin hitz egiteak erraztu egiten du komunitate horretara bideratutako politika publikoak eraginkorrak izatea. Horren haritik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseiluak egindako lana oso garrantzitsua da ijitoen egoera hobetzeko eta herri horren kultura aintzatesteko beharrezko neurriak hartze aldera. Adostutako tresnetan onetsitako konpromisoak (planak, estrategiak, etab.) onartu egin beharko dira, salbu eta neurri aproposak ez direla justifikatzen duten arrazoiak baldin badaude.
5.5. Antzemandako arazoen artean dago, oraindik ere, etxebizitza egoki eta seguru batera sarbidea izateko zailtasuna, besteak beste, etxebizitza ijitoei alokatzea erabaki duen jabeari jabeen erkidegoak igorritako aurreiritziengatik edo etxebizitzen titularrak etxebizitza ijitoei alokatzeko erreparoak dituelako. Horri gehitu behar zaio merkatu pribatuan etxebizitzek prezio altuak dituztela, etxebizitza bezalako funtsezko eskubide bati sarbidea izatea zailduz. Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza eskubide subjektibo gisa aitortzeak zailtasun hori konpontzen lagun dezake. 2017. urtean zehar komunitate honetan izan duen eraginaren jarraipena egingo da.
5.6. Bizilagunen arteko harremanek eragin garrantzitsua daukate bizikidetzan eta bereizkeriaren aurkako borrokan. Bizikidetza arazoak larriagoak izatea saihesteko aurretiaz azkartasunez jokatzea eta prebentzioa faktore erabakigarriak dira. Administrazioen arteko kolaborazioa eta koordinazioa, komunitatea garatzeko eta komunitate bitartekaritzarako neurriak artikulatzea eta gizartearen parte hartzea ezinbesteko elementuak dira horretarako, baita gizarte bereizkeriaren aurkako neurriak ere; den-denak beharrezko jarduketak dira.
5.7. Ijitoen sustapen sozialak Europar Batasuneko Batzordearen lehentasuna izaten jarraitzen du, eta gizarteratzeko eta laneratzeko neurriek berariazko garrantzia daukate EBko funtsetan.
Euskal herri-administrazioek ijitoen aukera berdintasunerako eta gizarteratze eta laneratzerako neurri zehatzak garatzen jarraitu beharko lukete, Ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionala betearaziz.
5.8. Eskola uztearen eta eskola porrotaren aurkako borroka eta prestakuntza akademiko eta profesionala hobetzea ezinbesteko gakoak dira ijitoen etorkizunerako. Hausnarketa egitea eta helburu hori lortzeko beharrezko hezkuntza neurriak etengabe ebaluatzea lehentasunezkoa izan beharko lirateke.
5.9. EAEn oraindik ere ijitoen egonlekuak daude, eta erakundeen arteko beharrezko koordinazioa beharrezkoa da, Arartekoaren urriaren 5eko 3/2011 Gomendio Orokorrean adierazi bezala, Jatorriz Europar Batasunekoak diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ijitoen egonlekuetan esku hartzeko jardute-protokoloak garatzeko beharra izenburupean; horrez gain, ikuspuntu desberdinak aintzat hartuko dituen hurbilketa lana ere egin behar da, gizartearen ikuspuntua eta pertsonen beharrizanei erantzuteko ikuspuntua lehenetsiz, bereziki adingabeen kasuan. Euskal herri-administrazioek ahalegin handia egiten ari dira erantzun horiek gailentzeko.